Gure Esku Dagok Irungo herri galdeketa azaroaren 18an ospatuko du. Irundar gisa, nolako etorkizun politikoa nahi duzu zure herriarentzat? Hau izango da Hartu Hitza Elkarteak GED Herri Ekimenaren eskutik antolaturiko herri galdeketan irundar guztiei luzatuko dien galdera. Gaur egun, pil-pilean dagoen galdeketa izango da eta irundar guztiek beraien iritzia emateko aukera izango dute.
Irungo Udaletxearen argazkia. Argazkia: Irungo Udala
Irungo 14 auzoetan bozka lekuak egongo dira: Anakan, Arbesen, Behobian, Oinaurren, Erdigunean, Dunboan, Larreaundin, Vega de Eguzkian, Aldezaharran, Pinar-Anzaranen, San Miguelen, Santiagon eta Landetxan. Horrez gain, auzo guztietan sortu dira galdeketaren aldeko taldeak eta auzo guztietan prestatzen ari dira auzo bakoitzeko bozka lekuak. 300 boluntario pasatxo ari dira dena antolatzen azaroaren 18rako.
Galdeketa sinbolikoa da, ez da loteslea izango hala ere. Hala ere, hitza hartzeak duen garrantziarekin etorkizunari determinazioz begiratzen diote Irungo herritarrek. "Etorriko dira urrats berriak, ekarriko ditugu!" adierazi du Elena Berazadik, Irungo Hartu Hitza elkarteko kideak.
Herri galdeketaren data duela bederatzi hilabete jada adostu egin zen, otsailaren 18an zehatz mehatz. Irungo Hartu Hitza elkarteak Amaia Kultur Etxean ekitaldi bat antolatu zuen eta bertan herri galdeketaren data hori ofizializatu egin zuten.
Hartu hitza elkartea konbentziturik dago herri galdeketa honek bakarrik on egingo diola herriari. "On egingo dio erabakitzeko eskubidea gizarteratzen duelako, etorkizun politikoari buruz eztabaidatzeko aukera ematen digulako, norberaren iritzia ematea inportantea dela sentirazten digulako eta elkarbizitza erreztuko digulako. Eta hori egitera goaz azaroaren 18an Irunen egingo dugun herri galdeketarekin" adierazi du Elena Berazadik, gai honi bukaera emanez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario